Musika eta ondarea
Aurten ere, edizio berri bat aurkeztuko du «Joxe Mari Eguileor» Urdaibaiko Organoak jaialdiak, organo-musika zabaltzeko eta Busturialdea-Urdaibaiko kultur ondarea zaintzeko bere konpromisoa berretsiz. «Urdaibaiko Organoak eta Ondarea» lelo hartuta, jaialdiak musikaren, historiaren eta ondarearen arteko lotura estuari so egingo dio, gure organo historikoek bere baitan biltzen duten aberastasun artistikoa eta kulturala goratuz.
Beren musika-dimentsio apartaz harago, organoek balio kalkulaezineko ondarea osatzen dute. Gure herrietako historiaren lekukoak dira, memoria kolektiboaren zaindariak, eta horiek sortzea ahalbidetu zuen artisauen maisutasunaren eredu paregabeak. Edizio honek eskualde osoko eliza eta tenpluetan entzungai jarraitzen duen ondare bizi hori ezagutzera eta aintzat hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Helburu horri jarraikiz, jaialdiak Euskal Herria Museoaren lankidetza bildu du aurten; bertan, Gautegiz Arteagan jaiotako Lope Alberdi Recalde (1868-1948) organogileari —euskal organogintzako izen handienetako bat— eskainitako erakusketa bat egongo da ikusgai. Erakusketak bere garaiko organo-egile handienetako baten ibilbidea eta legatua berreskuratzen ditu; izan ere, haren lanak arrasto ezabaezina utzi zuen gaur egun oraindik ere jotzen diren hainbat eta hainbat instrumentutan.
Busturialdea-Urdaibain Alberdik eraikitako organoek osatzen duten multzo bereziak benetako museo bizi bilakatzen du gure eskualdea. Nortasunaz, tradizioaz eta bikaintasun artistikoaz mintzo zaigun ondare aparta da; baina, aldi berean, zaintza, ezagutza eta konpromisoa eskatzen ditu, etorkizuneko belaunaldiei transmititu eta behar bezala kontserbatuko dela bermatzeko.
Hala, «Joxe Mari Eguileor» Urdaibaiko Organoak jaialdiak musika eta ondarea uztartzeko bokazioa berritzen du, kontzertu hutsaren mugak gainditu eta gure historia zein kulturarekin topo egiteko esperientzia bat eskainiz. Edizio berezi honetaz gozatzera, instrumentu paregabe hauen edertasunarekin hunkitzera eta Urdaibairen nortasunaren funtsezko zati den ondare hori berraurkitzera gonbidatzen zaituztegu.
Izan ere, organo bakoitzak historia bat gordetzen du bere baitan, eta kontzertu bakoitzak hura bizirik mantentzen laguntzen digu.
UNESCOk 1984an Biosfera Erreserba izendatutako Busturialdea-Urdaibai (Bizkaia) eskualdean, «Urremendi» Landa Garapenerako Elkarteak antolatutako musika-jaialdia.